2020(e)ko martxoaren 25(a), asteazkena

STT - ADMINISTRARITZA ETA ZUZENDARITZAKO MUGIKORTASUNA. LÖRRACH (ALEMANIA) 2020-03-09tik 13ra. TOLOSALDEA LHII


Martxoak 9, astelehena
Bidaia, Tolosa-Bilbo-Amsterdam-Basilea-Lörrach.
Parte hartzaileak: Amaia Aranalde, Oihana Mendizabal eta Mikel Muñagorri,  (Administraritza alorreko irakasleak),

Martxoak 10, asteartea
Goizean Kaufmännische Schule Lörrach -en bildu gara ikastetxeko zuzendari den Andreas Thomannekin eta Ralph Keller zuzendariordearekin, eta astean zehar harrera egingo diguten irakasleekin (Andrea Urnau, Concetta Caronna, Lothar Sprentzel eta Peter Kienzle).
Bertan, alemaniako hezkuntza sistemari buruzko azalpen bat jaso genuen, Lanbide Heziketa DUALean enfasia eginez. Horretarako, irakasleen aldetik jasotako azalpenez gain DUAL sisteman ari diren bi ikasle katalanek beren esperientzia kontatu ziguten. Ikasle hauek 5 urte daramate Alemanian ikasketak eta lana uztartuz.







Euskadiko DUAL sistemarekin alderatuta ezberdina da Alemaniako eredua.  Alemanian, ikasleak lehendabizi enpresa bat bilatu behar du, eta behin enpresa ados dagoenean, hasten da formakuntza jasotzen.


Enpresa bilatzerakoan, lanpostu bat bilatzeko antzeko prozesua jarraitzen da, eta enpresa bakoitzarena ezberdina izan daiteke. Ikasleak CVak bidaltzen ditu berak interesa duen enpresetara eta enpresak berari egoki iruditzen zaion hautatze prozesua aplikatzen du hautagaiak aukeratzeko. Hautatutako ikasleei lan kontratu bat egiten diete, eta ondoren, lantokia dagoen eskualdeko Lanbide Heziketako zentruarekin koordinatzen dira ikaslearen ikasketa prozesua antolatzeko.


Proiektuan parte hartzen duten enpresak epe ertain eta luzean langile beharra duten enpresak izaten dira, izan ere, DUAL sistemako ikasle bat hartzen dutenean, 4 hilabeteko probaldiaren ondoren 3 urteko kontratua blindatuta geratzen da. Honekin esan nahi dena da, 3 urte horietan ez enpresak eta ez ikasleak ezin duela kontratu hori eten, arrazoi larri bategatik ez bada.



Ikasleak egiten dituen ikasketak, lortu duen lanpostuarekin zerikusia dutenak dira. Hau da, enpresa bateko logistika arloan lanean ari den batek, DUAL ikasketak ere logistikakoak egingo ditu, ezingo ditu adibidez saltzaile ikasketak egin modalitate honetan.
DUAL programak irauten duen 3 urtetan, astean 30 ordu enpresan egiten dituzte eta 10 ikastetxean. Astean egun t’erdi ikastetxera joaten dira eta beste 3 egun t’erdi enpresan egiten dute. Kasu bakan batzuetan, enpresan lanaldi osoko kontratua eskaintzen diote ikasleari, eta hauetan ikasleak enpresan 40 orduko lanaldia bete behar izaten du, ikastetxeko 10 orduak mantenduz. Honek dirusarrera eta lan esperientzia handiagoa eskaintzen dizkie ikasleei baina aitortu digute esperientzia gogorra dela.
Aipatutakoaz gain, Euskadiko sistemarekin alderatuta Alemaniako DUAL sistemak badu beste ezberdintasun nabarmen bat. Ez ditu goi maila edo erdi mailako zikloak bereizten, Lanbide heziketako ikasketetara sartzeko nahikoa da  Derrigorrezko ikasketak amaituta izatea. 



Hala ere, zeharka, bai aipatu digute badaudela ziklo batzuk besteak baino maila handiagoa dutenak, baina hau gehiago dator ikasten den lanpostuarekin lotuta gutxieneko ikasketa mailarekin baino. Esaterako ziklo industrialek prestigio handiagoa dute saltzaile zikloek baino. Honekin lotuta, aipatu digute  lanpostu batzuetarako hautaketa prozesua gogorragoa dela enpresen aldetik, eta beraz ikasle guztiek ez dutela lortzen beraiei gustatuko litzaieken lanpostu batean hasterik.



Ondoren, enpresa simulatuko klase bat bisitatu dugu, zeina batxilergoko ikasketetan ematen den. Bertan, ikasle talde bakoitzak enpresa birtual baten ardura hartzen du, enpresa horren eragiketa guztiak eginez eta ERPan (Navision erabiltzen dute) erregistratuz. Guk ikusi dugun taldeak SEBU enpresa birtuala kudeatzen du, zeinak VITRA enpresa errealarekin erlazio zuzena duen. Enpresa birtuala izanagatik eta egiten dituzten eragiketak fiktizioak izan arren, salerosten dituzten produktuak benetan existitzen dira. Urte hasieran VITRA enpresara joaten dira ikasleak produktu eta prozesuen berri lehen eskutik jasotzera.

Eguerdian,  Kaufmännische Schule Lörrach-eko ordezkariekin bazkaldu dugu. 


Arratsaldean VITRA enpresara bisita genuen hitzartuta, baina Coronavirus-aren eraginez bisita antolatua bertan behera geratu da. Hala ere, institutuko irakasle  den Peter  Kienzle-ek enpresako kanpoaldea erakutsi zigun, diseinu aldetik oso berezia dena, eta beraien ikasleek bertan nola lan egiten duten azaldu. Gehienbat administraritza alorreko ikasleak aritzen dira enpresa honetan.



Martxoak 11, asteazkena
Goizean berriz ere Kaufmännische Schule Lörrach -era gerturatu gara, eta bertan Lothar Sprentzel-ek gidatutako kontabilitate klase bat ikusteko aukera izan dugu. Egun honetarako aurrikusitako gaia BEZaren kudeaketa izan da. Bertan, datorren urtean euren praktikaldia Bartzelonan egiteko asmoa duten ikasle batzuk ezagutu ditugu, eta beren asmoei buruz hitz egin digute. Kontatu digute jadanik ari direla gaztelerako klaseak jasotzen (gaur egun ez dute gaztelerazko oinarrizko ezagutzarik, eta ingelesaren ezagutza ere oinarrizkoa da) eta bertan lan egingo duten enpresak jatorri alemaniarra dutela. Horrek bere lana aurrera eramaten lagunduko die nahiz eta gaztelera ez menderatu. Honen harira Lothar Sprentzel-ek esan digu ikasleak atzerrira joaten direnean, beti saiatzen direla enpresa alemaniarrekin elkarlanean aritzen, hizkuntza ez dadin traba izan.
Ondoren Hieber supermerkatu katean eta Rhenus Logistics enpresan bisitak genituen hitzartuta, baina beste behin bertan behera geratu dira Coronavirusaren ondorioz. Bi enpresa hauek  Kaufmännische Schule Lörrach institutuarekin elkarlan handia dute DUAL programan, hainbat ikasle bertan ari baitira lanean.
Nahiz eta bisita gidatua bertan behera geratu, Hieber supermerkatu bat ezagutzera joan gara modu informalean, Lothar Sprentzel eta Andrea Urnau-k lagunduta. Supermerkatu kate honen sorrera orain dela 60 urte inguru eman zen, denta txikizkari familiar batean. Pixkanaka negozioa hazten joan zen eta gaur egun 14 hipermerkatu ditu Alemanian. Erdi-goi mailako bezeroei zuzenduta dago, prezioak bertako batazbestekoaren gainetik daude, baina euren lehia-abantaila bezeroei goi-mailako arreta eskaintzea da. Horregatik langile kualifikatuak bilatzen dituzte saltzaile lanetan aritzeko. Hain zuzen ere horretan aritzen dira enpresa honetan DUAL programan ari diren ikasleak.
Hipermerkatuan, bertan lanean ari den ikastetxeko ikasle ohi batekin biltzeko aukera izan dugu. Langile hau Ekuadortik Alemaniara joan zen bere bikotekidearekin Hieber enpresan DUAL programaren bidez lan egitera. Kontatu digu nahiko bizipen zaila izan zela lana, ikasketak eta familia uztartzea, baina nabarmendu du oso babestuta sentitu zela bai enpresaren eta bai ikastetxearen aldetik ere. 





Bazkaldu ondoren, ostegunerako aurreikusita genuen Lörrach inguruko bisita kulturala egin dugu Andrea Urnau-k lagunduta. Hiriko ikastetxe gunea bisitatu dugu lehendabizi, non maila ezberdinetako ikastetxe publikoak dauden kokatuta. Ondoren, XI.mendeko Röttlen gazteluaren hondakinak bisitatu ditugu, eta Tullingen muinotik eskualdeko ardoa ekoizteko erabiltzen diren mahastiak eta Frantzia, Suiza eta Alemaniako mugek bat egiten duten puntua ikusi ahal izan ditugu.












Martxoak 12, osteguna

Goizeko lehen orduan  Kaufmännische Schule Lörrach-en bildu gara ikastetxeko zuzendariordearekin. Bisitaren balorazio labur bat egin ondoren bete beharreko dokumentazioa osatu dugu.
Ondoren, Peter Kienzle-ren ziklo indutrial bateko marketing klase batean izan gara. Egun honetarako aurrikusitako gaia Marketing mixeko 4Pak (prezioa, produktua, Banaketa eta Komunikazioa) izan dira. Gaurkoan ere gure presentziak klasearen dinamika aldatu du, eta ikasleek gure ikastetxeari buruz egindako galderak erantzuten eta beren esperientziak entzuten aritu gara.

Klasea amaitutakoan Andrea Urnau, gaztelera irakasleak, ikastetxean erabiltzen dituzten baliabideak erakutsi dizkigu.


Ikastetxeak tablet bat eman die irakasle guztiei (ipad Pro) eta nahi izan zuenak, tamaina handiagoko bat eskuratu ahal izan zuen prezio ezberdintasuna ordainduta. Tablet hau da irakasleen laneko herraminta nagusia: bertatik komunikatzen dira ikasleekin edo gainontzeko irakasleekin Webuntis aplikazioaren bidez. Aplikazio honetatik bertatik kudeatzen dituzte baita ikasleen asistentziak edota ebaluaketarako hartutako oharrak. Irakasleek konpromezua dute jasotzen dituzten mezuei adi egoteko.
Gainera, aukera dute tableteko edukia klaseetan kokatuta dagoen proiektorean erakusteko, eta beraz klaserako materiala ere bertan prestatzen dute, eta horretarako Andreak berak erabiltzen dituen hainbat aplikazio erakutsi dizkigu:


  • Webuntis: Ikastetxeko kudeaketa egiteko
  • Quizlet: Gai bateko hitz gakoak lantzeko aplikazioa
  • Learningapps: Erabiltzaileek sortutako aplikazioak, gaia joku bidez ikasleekin lantzeko.
  • Lyricstraining: Hizkuntzak abestiak erabiliz joku bidez lantzeko aplikazioa








Arratsaldean Lörrach hiritik ordubetera dagoen Friburgo hiria bisitatu dugu.
Gauean, harrera egin digun irakasle talde osoarekin afaldu dugu


Martxoak 13, ostirala
Itzulera bidaia Tolosara (Lörrach-Basilea-Paris-Bilbo-Tolosa)



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina