2018(e)ko abenduaren 15(a), larunbata







Gure ikasle eta irakasle talde bat Sizilian izan da elkartruke proiektu baten bidez




Ikastetxeko 5 ikasle eta 2 irakasle Siziliako (Italia) Enna hirian izan dira astebetez, beste lau herrialdetako hainbat ikasle eta irakaslekin, martxan duten KA2 proiektuaren baitan, elkarlanean.

Antolatzailea Istituto Professionale Statale “Federico II” izan da eta burututako ekintzak elikatze osasuntsuarekin eta Europako kultur ondarearekin lotutakoak izan dira.

Gure ikasleek bertako ikasleen etxeetan hartu dute ostatua eta beraiekin harremanak estutzeko aukera paregabea izan dute.

Egonaldian zehar hainbat bisita egin dira, Palermora, Siracusara, Piazza Arnerinara eta Ennako unibertsitatera, beste batzuen artean. Hauetan, bisita kulturalak edota tailerrak burutu dira.

Erasmus+ KA229 "The Guardians of Europe" proiektuaren helburuak bi atal ditu. Horietako lehena, gaur egun gizartean ematen diren arazo sozial batzuei buruzko ezagutza areagotzea eta, kanpaina sozialen bidez, berauetaz sentsibilizatzea. Bigarren atalean Europako kultur ondarea ezagutaraziko da. Proiektu honek 2 urteko iraupena izango du.

Siziliako egonaldian, ikastalde bakoitzak aurrez prestatutako kanpaina sozialaren nondik norakoak aurkeztu du. Ondoren, beste herrialdeetako ikasleekin batera, kanpaina sozial batek izan behar dituen ezaugarriak lantzen aritu dira.

Datozen hilabeteetan, iradokizun horiek jarraituz, kanpaina sozialak garatzen joango gara parte hartu dugun ikastetxe bakoitzean.

Siziliara joan aurretik, ikastetxe partehartzaile bakoitzean, proiekturako logoa asmatzeko lehiaketak egin ziren. Ikastetxe bakoitzak bi logo aurkeztu behar zituen eta Palermon bat aukeratuko zen aurkeztutako guztien artean. Gure ikasle batek diseinatutako logoa izan da aukeratua.

Esperientzia aberasgarria benetan.

Ikusi irudiak hemen.