2026(e)ko uztailaren 21(a), asteartea

Islandiako esperientzia aberasgarria: Borgarholtsskóli zentroa gertutik ezagutzen

 

Apirilaren erdialdean, gure ikastetxeko zuzendaritza taldeko hainbat kide Islandian izan ginen, Reykjavík hiriko Borgarholtsskóli lanbide heziketako zentroa ezagutzen. Egonaldi hau job shadowing formatuko mugikortasun baten barruan egin genuen, eta helburua bertako lan egiteko modua eta antolakuntza gertutik ezagutzea izan zen.



Taldearen argazkia ikastetxean
 

Bisitak aukera paregabea eman zigun bertako instalazioak, metodologia eta hezkuntza eredua ezagutzeko. Bereziki interesgarriak iruditu zitzaizkigun hainbat departamentutan egiten duten lana, eta etorkizunera begira elkarlanerako aukera politak ikusi genituen.

 

Besteak beste, soldadura (mekanizazioa ere jorratzen dute), kirol eta iturgintza departamentuen artean sinergiak sortzeko aukerak aztertu genituen, bai ikasleen mugikortasunari dagokionez, baita etorkizuneko proiektu bateratuetarako ere.


                                           

                                                        Zenbakizko kontroleko tornu bat


                                                      

                                                           Zenbakizko kontroleko fresagailu bat


                                           

                                                                 Sport centre - gimnasioa

                                           

                                                               Sport centre - futbol zelaia 



Egonaldi osoan zehar, harrera bikaina egin ziguten eta beraien eguneroko jarduna gertutik ikusteko aukera izan genuen: tailerrak, ikasgelak, ekipamendu teknikoak eta ikasleekin egiten duten lana zuzenean ezagutu genituen.



                                                   

                                          Iturgintzako ikaskuntzarako erabiltzen duten panel bat


                                         

                                                               CAM-eko programa bat


                                        

                                                                   Iturgintzako box-ak


                                       

                        Neurketak eta muntaiak egiteko erabiltzen duten motore haundi bat


Esperientzia oso aberasgarria izan da guretzat, eta nazioarteko harremanak sendotzeaz gain, ideia eta inspirazio berriekin itzuli gara gure egunerokora. Dudarik gabe, etorkizunean elkarlanean jarraitzeko lehen pausoa izan da Islandiako bisita hau.


Proiektu hau Erasmus+ egitarauaren diru laguntzari esker burutu da. 

2025-1-ES01-KA131-HED-000334353 eta 2025-1-ES01-KA121-VET-000332928 proiektuen baitan garatutatutako ekintza izan da.




Jobshadowing esperientzia Sykkylvenen Norvegia – Tolosaldea LHII eta Sykkylven vidaregåande skule elkarrekin

 

Tolosaldea LHIIko elektrizitateko irakasle bat Sykkylvenen (Norvegia) izan da martxoan, job shadowing jarduera batean parte hartzen, VGS eskolako lankideekin batera. Esperientzia  oso aberasgarria izan da eta bertan ospatzen den aste internazionalean, parte hartu dugu.





Hezkuntza ikuspegi berriak

VGS-eko ikasleekin egunerokotasunean murgiltzeak euren metodologia eta proiektuak ezagutzeko aukera eman digu. Norvegiako hezkuntza sistemak berdintasuna, inklusioa eta natura-lotura ditu oinarri, ikasle guztiei ikasteko aukera berberak bermatuz, jatorri sozioekonomikoa edozein izanda ere.

1. Sistema eta hezkuntza-politika

Norvegiako LH sistema dual ereduan oinarritzen da: bi urte eskolan + bi urte enpresan. Horrek irakasleari bere eskolan ezin ikusten duen egitura bat eskaintzen dio: enpresen inplikazioa ez da borondatezkoa, egiturala baizik. Bertan ikusiko du nola kudeatzen dituzten konpetentzia-markoak eta nola balioesten dute ikasleak maila nazionalean.

2. Metodologia eta pedagogia

Norvegiako eskolek "student-centred learning" filosofia oso barneratuta dute. Irakaslea ez da ezagutza transmisore, ikas-prozesua diseinatzaile baizik. Proiektutan oinarritutako ikaskuntza (PBL) oso hedatua dago, eta ikasleek errealitateko erronkak ebazten dituzte. Horrez gain, ebaluazio formatiboa nagusitzen da: ez nota, baizik eta prozesua.

3. Ikaslearen ongizatea eta autonomia

"Trivsel" (ongizatea norvegeraz) kontzeptua hezkuntza-kultura osoan txertatuta dago. Irakasleek ikasleen osasun mentala eta motibazioa aintzat hartzen dituzte modu sistematikoan. Tutoretza pertsonalizatua eta norbere garapen plana (IOP) tresna erabakigarriak dira.

4. Digitalizazioa

Norvegiako LH eskolak digitalizazio maila altua dute. Ikasleek beren portafolioetan lan guztia digitalizatuta gordetzen dute, eta irakasleek tresna digitalak erabiltzen dituzte jarraipena egiteko. Lan munduko simulazio digitalak ere ohikoak dira.

5. Lankidetza eta komunitate profesionala

Irakasleek "team teaching" eredua erabiltzen dute askotan, eta eskola-enpresa harremanetan bitartekari aktibo gisa jarduten dute. Sektoreko sareak eta kluster profesionalak oso garatuak daude.

6. Transferentzia: galdera giltzarria

Egonaldiaren balio erreala ez dago ikusitakoan, baizik eta euskal testuingurura itzultzean zer aldatzen den pentsatzean. Egin beharreko galderak dira: zer da zuzenean aplikagarria? zer eskatzen du egokitzapen kulturala? zer ezin da inportatu? Azken egunerako hausnarketa saio bat eta lantaldearekin partekatze plan bat aurreikustea ezinbestekoa da.

Aste Internazionalean Europako beste nazio batzuekin eta norvegiarrekin jarduera ezberdinak egin genituen, lehenengo egunean, eskola ezagutu eta nazio bakoitzaren aurkezpena eta afari internazionala, non nazio bakoitzak bere janaria prestatzen zuen.



Bigarren egunean, elektrizitate alorrekoek, 3D-eko inpresoren formakuntza bat egin genuen eta hirugarren mundurako inkubagailuak sortzearen proiektua ezagutu genuen. Norvegiar ikasle eta irakasleekin dinamika bat egin genuen horren inguruan.



Hirugarrengo egunean, Alesund-eko hiria eta NTNU unibertsitatea ezagutu genuen,




Laugarrengo egunean, naturan ibilbide bat egin genuen norvegiarrekin eta beraien errespetua naturarekiko lehenengo pertsonan bizi izan genuen. 



Bosgarrengo egunean, Ekornes enpresa bisitatu genuen, non dena automatizatuta eta robotizatuta dago.



Etorkizuneko lankidetzarako lehen pausoa

Esperientzia honek harreman sendoak sortzeko aukera eman digu, gure ikasleek Norvegian lan prestakuntza egiteko aukera ere ireki dugu. Zuzendari eta lan praktiketako arduradunekin hitz egin genuen horren inguruan. Ea posible den!


Proiektu hau Erasmus+ egitarauaren diru laguntzari esker burutu da.

2025-1-ES01-KA121-VET-000322395 proiektuaren baitan garatutako egitasmoa.















Dropshipping-etik nazioarteko lankidetzara: Informatika ikasleen Erasmus+ esperientzia

 Martxoaren bigarren astean zehar, informatikako erdi-mailako 10 ikasle eta laguntzaile gisa 2 irakasle, Herbeheretako ‘s-Hertogenbosch hirian kokatuta dagoen Koning Wilem I college ikastetxera joan ziren dropshipping-ari buruzko proiektu bat garatzera. Talde mugikortasun hau bi fasetan burutu zen. Lehenik eta behin, Tolosaldeako ikasleak Den Bosch bisitatu zuten eta apirilaren 13tik 15era Herbeheretarrak Tolosara etorri ziren.


                                                              Tolosaldeako taldea Herbehereetan


Talde mistoak, hau da, Koning Willem-eko eta Tolosaldeako ikasleak nahastuz, egin eta lanari ekin zioten. Lehenik eta behin, dropshipping kontzeptua zer zen argitu beharra zuten. Gero, merkatuaren analisi sakon bat egin eta beraien web orrialdeetan zer salduko zuten zehaztu behar zuten. Hori egindakoan, talde bakoitzak ateratako ondorioak aurkeztu zituen. Beste taldeekin beraien ikuspuntua elkarbanatzeko. Talde desberdinek produktu ezberdinak proposatu zituzten: maskotentzako jostailuak, bateria eramangarriak… Behin salduko luketen produktua zehaztuta, hornitzaileak aurkitu beharra zituzten eta azterketa sakon bat egin gertatu zitezkeen egoera desberdinei buruz: produktua ez iristea, atzerapenak izatea, produktua erdi bidean galtzea…


             Bi taldetako kideek elkarlanean


Behin hori dena zehaztuta, web orrialdearen diseinuarekin hasi ziren. Gaur egungo teknologia eta adimen artifiziala oinarritzat hartuz, diseinu ezberdinak proposatu zituzten. Ondoren, web orrialdea garatu zuten eta noski, denda moduko bat sortu zuten, beraien produktuak saldu ahal izateko. Azkenik, bakoitzak bere web orrialdea aurkeztu zuen.


Kontuan hartuz edukitako lan denbora, oso lan txukunak ikusi ziren. Bai Tolosaldeako, bai Herbeheretako ikasleak bizitako esperientziaz eta ikasitako guztiaz oso gustura geratu ziren. Horretaz gain, ikasleek ingelesa praktikatzeko aukera izan zuten, baita ere beste kultura eta herrialde bat ezagutzeko aukera. Gainera, Tolosaldeak, Koning Willem college ikastetxearekin dituen erlazioak estutzeko aukera izan zuen. Izan ere, ez da lehen aldia beraiekin lan egiten duguna. Informatikaz gain, beste alor batzuk ere beraiekin lanean jardun oi dute.  


                                                             Bi taldeetako partaideak Tolosaldean


Hitz gutxitan, esperientzia oso aberasgarria eta errepikatzeko modukoa.

Beti bezala, eskerrak eman Erasmus+ eta Europar Batasunari horrelako proiektu eta mugikortasunak diruztatu eta laguntzeagatik.

Tolosaldea eta San Josepe Lanbide Heziketako Euskal Herriko ikastetxeak elkartzen

 Martxoaren erdialdean, azken urteotan ohi bezala, Tolosaldeako Lanbide Heziketako Informatika  alorrak kidetze esperientzia batean parte hartu du. Ikastetxeko  ikasle eta irakasle talde batek Hazparneko San Josepe ikastetxea bisitatzeko aukera izan zuen, bertako hezkuntza-errealitatea eta lan egiteko moduak gertutik ezagutzeko asmoz. Bisita honek esperientziak trukatzeko eta bi ikastetxeen arteko harremanak sendotzeko balio izan du.

Egonaldian zehar, parte-hartzaileek hainbat jarduera eta topaketatan parte hartu dute. Ikasgelako dinamikak, ikasleen egunerokoa eta irakasleen lan-metodologiak ezagutzeaz gain, bi aldeetako kideen arteko harreman pertsonalak eta profesionalak sendotzeko aukera ere izan da. Gainera, ikasgelatik kanpo ikasleak elkartu eta eskolaz kanpoko ekintzetan parte hartu dute inguruko herriak bisitatuz.


                                                                  Bi ikastetxeko ikasleak elkarlanean


Elkartrukeko egonaldi bakoitza 3 egunetakoa izan da eta kasu bakoitzean enpresa bana bixitatu dugu, Hazparnen Lauak aeronautika enpresa-ren IT sistema ezagutu genuen eta Tolosaldean berriz Panelfisa automoziorako osagaiak (torlojuak gehienbat) sortzen dituen enpresa.


                                                                 Taldea Lauak enpresa bisitatzen

Bisita ez zen norabide bakarrekoa izan. Ondoren, Hazparneko San Josepeko ikasle eta irakasleak Tolosara etorri ziren, eta hemen ere antzeko esperientzia partekatu dute. Tolosaldeako ikastetxeko instalazioak ezagutu, hainbat jardueratan parte hartu eta bertako hezkuntza-proiektuaren berri izateko aukera izan dute.


 Elkartruke horrek bi komunitateen arteko lotura are gehiago indartu du, eta etorkizuneko lankidetza berrientzako oinarriak ezarri ditu.


Esperientzia honek agerian utzi du Euskal Herriaren barruan izanda ere errealitate ezberdinak bizi dituztela ikasle eta irakasleek eta harremanek balio handia dutela ikasleen eta irakasleen garapen pertsonal eta profesionalean. Ikasgelatik harago doazen bizipen hauek motibazioa, hizkuntza-gaitasunak eta kultura arteko ulermena sustatzen dituzte, eta aldi berean, hezkuntza-komunitatearen ikuspegia zabaltzen laguntzen dute.