2017(e)ko abenduakren 16(a), larunbata

Tolosaldea LHII-tik 4 irakasle Dublinera joan dira bertako Lanbide Heziketa ezagutzera


Mugikortasunaren egunerokoa.




Azaroak 5, bidaia, Tolosa-Londres-Dublin.
Parte hartzaileak: Mikel Arregi (Hozte eta Berokuntza sistemen mantentzea), Aitor Lopez (Elektrizitate-Elektronika), Ane Peña (soldadura eta Galdaragintza) eta Ana Tolosa (Soldadura eta Galdaragintza).

Azaroak 6, astelehena.
Goizean Aidan Kenny-k jaso gaitu hotelean. Kenny jauna TUI–ko (Teacher’s Union of Ireland) ordezkaria da.
TEEUra joan gara, Ingeniari eta Elektrikarien herrialdeko sindikatura, eta han Paddy Kavanagh (idazkari nagusia) eta Eamon Devoy-rekin (hezkuntza arloko arduraduna) bilera izan dugu.
Bertan, Irlandan Lanbide Heziketak txandakako sistema erabiltzen dutela azaldu digute. Sistema honi, 7 fase dituena, Aprenticeship deitzen diote.


 


Irudian ikusten den bezala, 1-3-5 eta 7 faseak enpresan egiten dira eta 2-4-6 faseak ikastetxean.
Ikasketak hasteko, ikasleak lantegi (employer) bat behar du, eta kontratua. Lantegian dagoen bitartean soldata izango du, eta ikastetxean dabilen bitartean, gobernuko diru-laguntza.
Irlandako Hezkuntza mailak 10 dira, QQI (Quality and Qualifications Ireland) erakundearen arabera. Apprenticeship edo Lanbide Heziketa bukatzean QQI-ko 6. maila lortzen duzu.

TEEUko bilera honen ondoren, Ballyfermont Trainning Centre-ra joan ginen. Bertako zuzendaria den Paul Fennelly-k Lanbide Heziketako ikastetxearen funtzionamendua erakutsi zigun. Bertan “Apprenticeship”-eko 2, 4 eta 6 faseak lantzeaz gain, ikastaro laburrak, arratsaldeetako ikastaroak eta langabetuen ikastaroak eskaintzen dituzte.
Mekanika, soldadura, elektrizitatea, elektronika, automatizazioa, eraikuntza, margolari eta abarren tailerrak bisitatu genituen, Dublineko LH ikastetxerik handiena da.





Arratsaldean DIT Dublin Institute of Technology-ra joan ginen eta bertan Elektrizitate eta Elektronikako sailak eta tailerrak ikusi genituen.
Irlandako Teknologia Institutuetan hasiera batean Apprenticeship-eko 4 eta 6 faseak lantzen zituzten, arlo industrialekoak, baina gaur egun garapen handia izan dute eta maila altuagoko ikasketak ere eskaintzen dituzte, hau da, ingeniaritza, masterrak eta doktoretzak (QQI-ko 7tik 10rako mailak).
Ikastetxeetako espazioen antolaketari dagokionez, orain arte, eta aurrerago ikusitako ikastetxeetan antolaketa berdintsua ikusi dugu, ikasle bakoitzak bere panelaren ardura du, hasieratik bukaerara muntatu behar dute. Ideia ona iruditu zaigu.
Apprenticeship-eko fase bakoitzean froga, proiektu edo azterketak daude, eta gainditu ezean, ezin da aurrera jarraitu. Bukaeran ere, 7. fasea amaitzean, “titulua” lortzeko gaitasunak frogatu egin behar dira.
Ikastetxe eta unibertsitate guztietan galdetu genuen eta zeharkako gaitasunei (soft skills) ere gero eta garrantzia handiagoa ematen ari dira, hala nola, komunikazioa, talde lana, eta abar.

Azaroak 7, asteartea.
Kenny jaunarekin SOLAS (Further Education and Training) era joan gara. Breda McNally anderearekin izan dugu hitzordua, Apprenticeship-eko arduradunarekin. Txandakako sistemarekin oso pozik daude, ikasle kopurua gora doa eta baita espezialitate kopurua ere. Irlandan, industria mundutik ere proposamenak jasotzen dituzte, nolako beharrak dituzten komunikatzen baitute.
Proposamenak aztertu eta onartu ondoren, ikasketa horien maila (QQI-aren arabera) eta ikasketa programa definitzen dira.
Prozesu honetan elkarlanean aritzen dira QQI, SOLAS eta HEA.
SOLAS-etik HEA-ra joan ginen (Higher Education Authority) eta bertan Vivienne Pattersonek azaldu zigunez, beraiek goi mailako ikasketen ardura dute, hau da, College, University eta Technology Instituteko goi mailako ikasketena.
HEAn, Lanbide Heziketatik Goi Mailako ikasketetako pausua nola eman da, momentu honetan gehien lantzen ari direna.
Apprenticeship-en bidez ikasleak oso baloratuak dira eta lanerako, industriak nahiago dituzte LHtik datozen ingeniariak, bide akademikotik joan direnak baino, edo hala iruditzen zaie behintzat. Horregatik, salto hori nola eman daitekeen ari dira lantzen.
Bazkaltzeko, School of Culinary Arts-era joan ginen, Tony Campbell jaunarekin. Hemen, Goi Mailako Sukaldaritza ikasketak eta Apprenticeship-eko zerbitzari ikasketak dituzte. Bertan sukaldatutakoa dastatu genuen, bertako ikasleek zerbitzatuta. Ikasle hauen eguneroko “praktikak” dira lan hauek eta jangelan dauden irakasleek denbora guztian ikasleak kalifikatzen ari dira.
Arratsaldean DIT-ko (Dublin Institute of Technology) zuzendariak hartu gintuen, Gerald Farrell-ek. Interes handia azaldu zuen Tknikaren lanaren inguruan eta baita gure ikastetxeek inguruko enpresekin duten harremanaz ere. DIT-ko mekanika, soldadura eta hozte eta berokuntza sistemei dagozkien tailerrak bisitatu genituen.

Mekanika eta Soldadurako departamentu eta proiektu buruekin bilera egin genuen, beraien lana aurkeztu ziguten eta lan egiteko erari buruz hizketan aritu ginen. Mekanika eta Diseinuko buru den Ger Reilly jaunari asko gustatu zitzaion ikasleen elkartrukea egiteko ideia.

Azaroak 8, asteazkena.
Goizerako hitzartuta zegoen bilera bat bertan behera geratu zen.




 
Arratsaldean Cadbury txokolate enpresara joan ginen. Bertan mantentze buruak beraien mantentze sisteman egindako hausnarketak azaldu zizkigun, egindako berrikuntzak eta aurreragorako planifikatutakoak. Enpresako instalazioak ezagutu genituen Hobekuntzetarako Ingeniariaren eskutik. Elektrizitate-Elektronika eta Hozte eta Berokuntza sistemen aldetik gauza interesgarriak ikusi genituen. Cadburyn Apprenticeshipeko 4 ikasle dituzte momentu honetan lanean.

Azaroak 9, osteguna.
Goizean Socrates Workforce Solutions Formakuntza zentroan izan ginen, Tom Maher zuzendariarekin. Zentro hau ez da publikoa baina bertan Apprenticeshipeko Off-the-job faseko formakuntza ematen dute, batez ere INTEL enpresarako. Bertan Elektrizitate, Elektronika eta Automatismo ikasketak lantzen dituzte eta ikasleen %90ak INTEL enpresan lan egitea lortzen du.




Arratsaldean TUI (Teachers Union af Ireland)-en bilera izan genuen, hango buruekin. Gure Lanbide Heziketa sistemaren inguruan aritu ginen eta Tknikari buruzko interes handia azaldu zuten.

Azaroak 10, Ostirala. Bueltako bidaia Tolosara