2025(e)ko uztailaren 4(a), ostirala

Jobshadowing esperientzia Groningenen – Tolosaldea LHII eta Alfa College elkarrekin

 

Tolosaldea LHIIko kiroletako irakasle talde bat Groningenen (Herbehereak) izan gara  joan den maiatzean, jobshadowing jarduera batean parte hartzen, Alfa Collegeko lankideekin batera. Esperientzia aberasgarria eta inspiratzailea izan da, bai maila pertsonalean, bai profesionalean.


Hezkuntza ikuspegi berriak

Alfa College-n ikasleekin egunerokotasunean murgiltzeak euren metodologia eta proiektuak ezagutzeko aukera eman digu. Irakasleen eskutik praktika inspiratzaileak bizitzeko aukera izan genuen, gizartearekiko duten loturak gurean aplikagarritasuna izan dezakeela ulertuz.

Ebaluaketarako duten ikuspegia ezagutzea oso aberasgarria izan da; gizarteratzea, ikaslearen garapena eta ebaluaketa dira ikaskuntza prozesuaren oinarri.

 

Gizartean duten eragina

Gure egonaldirako Alfa College-k proposatutako programa jaso genuenetik konturatu ginen zenbaterainoko garrantzia duen ikasleak eta ikastetxea inguruarekin kontaktuan egoteak. Hainbat esperientzia izan genituen horren adibide gisa:

-          Ikastetxera astero bitan etortzen zen hirugarren adineko talde batekin ikasleek gidatzen zituzten egokitzapen fisikoko saioak ikusteko aukera izan genuen.

-          De Zijlen Tolbert zentruan ere izan ginen, bertan desgaitasun intelektuala duten pertsonekin lan egiten dute, baita maila fisikoan ere.

-          Kid´s United futbol taldea ere ezagutu genuen, non Groningen FC taldeko jokalari ohiek eta Alfa Collegeko hainbat ikaslek desgaitasun intelektuala duten haurren integrazio sozialerako futbola erabiltzen duten.



Etorkizuneko lankidetzarako lehen pausoa

Esperientzia honek harreman sendoak sortzeko aukera eman digu, eta ziur gaude etorkizunean lankidetza berriak sortuko direla bi ikastetxeen artean. Ideiaz beteta bueltatzen gara, gure ikasleentzako aukera berriak esploratzeko asmoz, gure eskolaren ikaskuntza eskaintza aberasteko.

Proiektu hau Erasmus+ egitarauaren diru laguntzari esker burutu da.

2023-1-ES01-KA131-HED-000123969  proiektuaren baitan garatutako egitasmoa.







iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina