Trukearen nondik norakoak
Martxoaren 14an, San Josepe Lizeoko hamabi ikaslek eta bi irakaslek hiru eguneko egonaldia egin zuten Tolosaldean. Egonaldi hartan, ikasleak talde batean baino gehiagotan aritu ziren elkarlanean hainbat teknologia aztertzen eta lantzen: 3D inprimagailuak, errealitate areagotua, zuntz fusionagailua, Arduino, mugikorrak, overclockinga...
Partaide guztiak Tolosaldean
Gero, Tolosaldeako ikasle eta irakasle batzuk hiru egun eman zituzten Hazparnen: martxoaren 26tik 28ra. Goi mailako heziketa zikloko ikasketekin zuzenean lotuta dauden edukiak landu zituzten: CISCO Network Essentials ikastaroa egin zuten. Alde teorikoa eta praktikoa Tolosan simulagailuan landu eta gero, ikasleek zein irakasleek benetako gailuetan egin zituzten lan praktikoak Hazparnen. Amaieran azterketa egin, eta ikastaroko ziurtagiria lortu zuten.
Hazparnen formakuntza jasotzen.
Egonaldi batean zein bestean, bestelako jarduera batzuk ere antolatu ziren, Gipuzkoako eta Lapurdiko errealitateak hobeto ezagutzeko: inguruko herriak bisitatu, ibilaldiak mendira edo herriren batera, elkarrekin afari bat... Alderdi profesionalaz gain, truke hauen helburua izaten da zeharkako gaitasunak ere lantzea: gaitasun pertsonalak, gaitasun sozialak... Ikasleek, gainera, aukera eduki dute hizkuntzak praktikatzeko: ingelesez jardun dira batez ere, baina baita euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez ere.
Proiektua prestatzeko, egoki kudeatzeko eta sor zitezkeen zailtasunei aurre egiteko, etengabe egon ginen harremanetan Hazparnekoekin, bai e-mailez, bai bileren bidez
Aurrera begira
Egindako balorazioen arabera, oso interesgarritzat jotzen da beste herrialdeekin egindako elkarlana. Beraz, hurrengo ikasturtean ere trukeekin segitzeko asmoa dugu.
Ikastetxeen arteko harremanak sendotzen ari dira, eta horrek aukera ematen digu etorkizunean elkarrekin proiektu gehiago garatzeko, ikasle eta irakasleen mugikortasuna sustatzeko eta eskualde guztiek beste herrialdeetan eskuratutako prestakuntza ezagutzeko eta baliozkotzat jotzeko.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina