2025(e)ko ekainaren 29(a), igandea

Herbehereetako Alfa Collegeko ikasleekin nazioarteko ikasle truke teknologikoa: esperientzia ahaztezina.

 

1. Fasea: Lehen kontaktuak eta prestaketa

Dena 2025eko apirilaren 9an hasi zen, bideokonferentzia baten bidez. Bertan, Alfa College-ko ikasleak eta irakasleak ezagutu genituen. Proiektuaren helburuak, egitekoak eta lanaren egitura azaldu zizkiguten. Microsoft Teams erabiliz egin genuen lehen harremana.

Ikasleak eta irakasleak bideokonferentzian





Ondoren, lantzeko genituen estazioen dokumentazio teknikoa jaso genuen. Honi esker, GRAFCET programazio-hizkuntzan trebatzeko aukera izan genuen, gure ikastetxean normalean erabiltzen ez dena.

2. Fasea: Elkartruke teknikoa

Maiatzaren 7tik 9ra bitartean, online prestaketa saioak egin genituen bi ikastetxeen artean. Alfa College-ko ikasleek GRAFCET nola erabiltzen duten azaldu ziguten, eta guk LADDER hizkuntza erakutsi genien, gero gure zentroan erabiliko zutena.

Saio hauek oso lagungarriak izan ziren aurrez aurreko topaketa errazteko.

3. Fasea: Gure bidaia Groningen-era (Maiatzak 12–16)

Maiatzaren 12an Groningen-era abiatu ginen. Hango ikasleek eta irakasleek oso harrera beroa egin ziguten. Bost egunetan zehar sei FESTO estazio programatu genituen GRAFCET erabiliz.

Programazioa diseinatu, estazio fisikoetan ezarri eta sistemak behar bezala funtzionatzen zutela ziurtatu genuen. Lan handia izan zen, baina emaitza ezin hobea lortu genuen.       

                


                                                          

                        

                                                        Bi ikastetxeetako ikasleak proiektua elkarrekin garatzen

       

4. Fasea: Alfa College gure ikastetxean (Ekainak 2–6)

Hiru aste geroago, Alfa College-ko ikasleak gure ikastetxera etorri ziren. Bertan, SMC estazio bat programatu zuten LADDER hizkuntza erabiliz, haientzat berria zena.

Gu izan ginen beraien gidari, zalantzak argituz eta lana errazten lagunduz. Oraingoan, bestearen lekuan egoteak ikuspegi berria eman zigun eta komunikazio teknikoan trebatzeko aukera.


                                    

                                        Alfa Collegeko ikasleak Tolosaldean elkarlanean




Ebaluazioa eta hausnarketa

Ekainaren 11n, online bilera bat egin genuen proiektuaren azken balorazioa egiteko. Bi aldeek balorazio oso positiboa egin genuen. Ez soilik lortutako emaitza teknikoengatik, baita talde-lana, egokitzeko gaitasuna eta kultura arteko komunikazioa hobetzeko balio izan zuelako.


Errepikatuko genuke?

Bai, dudarik gabe. Honelako ekimenek ikasle bezala eta pertsona bezala hazteko aukera ematen digute. Beste ikasleei ere gomendatuko genieke horrelako proiektuetan parte hartzea. Merezi du!


Proiektu hau Erasmus+ egitarauaren diru laguntzari esker burutu da.

2024-1-ES01-KA131-HED-000202939 proiektuaren baitan garatutako ekintza bat izan da.

2025(e)ko ekainaren 16(a), astelehena

Alemaniako Lanbide Heziketa ezagutzen eta lankidetza indartzen

 

Ekainaren bigarren astean, Tolosaldeako LHko ordezkaritza batek Alemaniako iparmendebaldera egin zuen ikasketa-bisita, BBS Jever eta BBS Wilhelmshaven ikastetxeekin lankidetzan. Mugikortasun honen bidez, Alemaniako hezkuntza-sistemaren funtzionamendua eta lanbide heziketaren antolaketa gertutik ezagutzeko aukera izan zuten.




 BBS Jever ikastetxeko instalakuntzak




                                                    BBS Wilhelmshaven ikastetxeko instalakuntzak


                                                   
                                                                              BBS Wilhelmshaven-en 


Helburu orokorrak: lan-eremuen azterketa eta metodologia trukea
Job-shadowing metodologiaren bidez, hainbat alor estrategikori erreparatu zitzaion:

  • Alemaniako hezkuntza-sistema eta ikasleen ebaluazio-prozesuak.
  • Enpresetan egiten diren ikasleen praktikak eta DUAL eredua.
  • Ikasgelan erabiltzen diren metodologia didaktikoak.
  • Ekintzailetza eta nazioarteko proiektuen kudeaketa.
  • Irakasleen ordutegi eta lan-egutegiaren antolaketa.

Bisita eta jarduera esanguratsuak
Bisitan zehar hainbat jarduera burutu ziren, bai ikastetxeetan eta bai bertako enpresetan:

  • Hase Safety Gloves enpresan (Jever), logistikako, bulego-kudeaketako eta handizkako merkataritzako lan-prozesuak ezagutzeko aukera izan zuten.
  • Sande Stahlguss enpresan (Sande), metalgintzako eta mekanikako jarduerak gertutik aztertu zituzten.
  • BBS Jever ikastetxean, instalazioak bisitatu eta ikastetxearen funtzionamendu orokorra ezagutu zuten.
  • BBS Wilhelmshaven ikastetxean, beste hezkuntza-eredu eta metodologia batzuk ezagutzeko aukera izan zuten, bertako irakasle eta koordinatzaileekin lankidetza-esparru berriak aztertuz.
                                        
                                                                   Hase enpresan bisitan       



                                         
                                                              Sande Stahlguss enpresan



Esperientzia honek ikastetxeen arteko lankidetza sendotu du, eta bertatik jasotako praktika onak Tolosaldeako ikastetxearen egunerokoan txertatzeko aukera eskainiko du. Halaber, nazioartekotze-prozesua indartu eta Europako Batasunaren politiken, programen eta finantzaketa-aukeraren inguruko ezagutza handitu da.

Mugikortasun honek erakutsi du ikasketa-prozesuak aberastu egiten direla ikasgelatik harago doazen esperientzien bidez. Bidean ikasitakoa, horrela pentsatuz gero, gure ikastetxean aplikatzeko unea izango da.


Proiektu hau Erasmus+ egitarauaren diru laguntzari esker burutu da.

2023-1-ES01-KA131-HED-000123969 eta 2024-1-ES01-KA121-VET-000225549 proiektuen baitan garatutako egitasmoa.












2025(e)ko ekainaren 7(a), larunbata

Erasmus+ programak ikasleei eskaini dizkien esperientzia eta aukera berriak azaldu zaizkie

Atzerrian praktikak egin dituzten 2. mailako ikasleek beraien esperientziak partekatu dituzte 1. mailako ikasleekin. Horrela, bizitako esperientziak helarazita, lehen mailakoek informazio osagarri eta baliotsua izango dute etorkizunean, atzerrian praktikak egiteko aukera hartzeko orduan. Bide batez 25-26 ikasturtean Erasmus+ programak ikasleei eskeiniko dizkieten aukerak azaldu zaizkie.






Atzerrian praktikak egin dituzten ikasleek azalpenak ematen






 
Erasmus+ egitarauak eskaintzen dituen aukerak azaltzen



Tolosaldeako Mekanizazioko ikasleak, San Josepe Lizeokoekin elkartruke bat burutu dute

2025-eko martxoan Tolosaldeko Mekanizazioko ikasleak Hazparneko San Josepe Lizeoan izan dira beste urte batez.  Bertan hainbat jarduera burutu dituzte bi egunetan: mekanizazioko tailerrean jarduerak burutu, ikastetxeko beste espezialitateetako instalazioak eta eskaintza ezagutu, inguruan altzarigintzan aritzen den Alki enpresa ere ezagutzeko aukera izan dute. Aisialdi eta ekintza kulturalak ere garatzeko aukera izan dute: pilota-jokuan elkar aritu dira eta Baionan bisita kulturala egiteko ere aukera izan dute.

Tolosaldea LHII-ko ikasleak San Josepe Lizeoan


Lizeoko instalakuntzak ezagutzen


                                                              Alki enpresa bisitatzen


                                                      

                                                       Alki enpresako altzari bat

Hazparneko San Josepe Lizeoko Mekanizazioko (Bac Professionnel Maîtrise la Fabrication de Pièces par Enlèvement de Matière) ikasleak, Tolosan izan dira bi egunez. Harrerako jomugan jarduera ezberdinak burutu dituzte: ZKK mekanizazio fresagailu eta torneaketa jarduera ezberdinak, 3D inprimagailuak, elektrohigadura, diseinua etab.

                     San Josepe Lizeoko ikasleak Tolosaldea LHII-n bertako eskaintza ezagutzen




Honetaz gaiz, Ormaiztegin kokatzen den Irizar autobusen ekoizlea den kooperatiba ezagutzeko aukera izan dute, modu berean, aisialdiko jarduerak burutu dituzte, herri-kirolak eta beste kirol mota batzuk praktikan jarri dituzte Tolosaldeako Gizarte- eta Kirol Irakasuntza eta Animazioko ikasleen gidaritzapean. Urte batzuk badaramatzate elkartruke hau burutzen eta esperientzi oso aberasgarritzat jotzen dute mugaz bi aldeetako ikastetxeetako ordezkariek.

                                       Ormaiztegin kokatzen den Irizar enpresan bisitatzen

                                    Bi ikastetxetako ikasleak herri-kirolak praktikan jartzen

Gure esker ona adierazi nahi diegu hain harrera ona egin diguten bi enpreseei:

https://alki.fr/eu

https://www.irizar.com/eu/