2024(e)ko ekainaren 29(a), larunbata

Informatikariak Hazparneko San Josepekoekin elkartrukea burutu dute

 

Ikastetxeko informatikako ikasle talde bat Hazparneko San Josepe Lizoean izan zen urte honetako martxoan, Cisco ziurtagiriak lortzeko helburuarekin. Horretara, bertako Cisco sarea ezagutu eta froga ezberdinak burutu zituzten berau erdiesteko.




Ikasleak Hazparnen frogak burutzen






Hurrengo egunetan, Hazparnekoek Tolosara etorri ziren, bertan enpresak bisitatu eta elkarlana garatzea. Egonaldi honen baitan, Legazpin dagoen Bellota enpresa bisitatu zuten eta bertako informazio sistema aztertu zuten, bide batez zibersegurtasunari buruzko hitzaldia ere jaso zuten.


                                                   

                                                  Legazpiko Bellota enpresako instalazioak ezagutzen

Ezkion dagoen Igartubeiti baserria ere ezagutzeko aukera izan zuten, gure kultur ondaretaz gozatuz. Bukatzeko elkarrekin bazkaria ere partekatzeko aukera izan zuten, modu honetan,  beste behin ere, proiektuari aurten ere itxiera alai bat emanez.


                                                 

                                                  Bi ikastetxeetako partaideak elkarrekin bazkaltzen

2024(e)ko ekainaren 22(a), larunbata

Herbeheretako irakasleak gurean izan dira bisitan

 Herbeheretako S-Hertogenbosch hirian dagoen Koning Willem I Collegeko hiru irakasle gurean izan dira bisitan. Euskal Lanbide Heziketa, gure ikastetxearen egitura, parte hartzen ditugun proiektuak eta beste hainbat gaietaz azalpenak jaso dituzte. Ikastetxeko instalazioak ezagutzeko aukera ere izan dute. Bereziki Mekatronikako ikasketen ezaugarriak ezagutzeko aukera izan dute, alor horretako irakasleak direlako eta elkarlana burutzeko asmoa agertu dutelako bi ikastetxeetako ordezkariek.


                                                   



  

                    







2024(e)ko ekainaren 18(a), asteartea

Herbeheretan izan gara, bertako Lanbide Heziketa gertutik ezagutzen

Eskolako hainbat irakasle Herbeheretan egon gara 2024-ko Ekainak 3tik 7rako astean. Helburua, bertako eskola desberdinak ezagutu eta berauekin kontaktua mantentzeaz aparte, euren instalakuntzak, nazioartekotzeko proiektuak, proiektu teknologikoak eta erabiltzen dituztenmetodologiak ezagutu eta, etorkizuneko lan ildoak definitzea izan da.

 

Horrela, Ekainak 4an KONING WILLEM I eskola bisitatu genuen, Hertogenbosch hirian. Bertan, Herbeheretako Hezkuntza Sistema ezagutu genuen bertako arduradunen azalpenen bidez.  Mantentzeko ikasleekin datorren urrirako mugikortasun bat planifikatzeaz gain, euren  instalazio ikusgarriak bisitatu genituen, bertako izaera eta kulturaren inguruan gehiago jakin, eta departamentu teknikoa ezagutu genuen. Kiroletako ikasleekin olinpiada moduko batzuk antolatzeko aukeraz hitzegin genuen, ezagutzen ez ditugun fondo europar batzuk aipatu bait zituzten.

Ikastetxe honetako Mekatronikako irakasleak aurrez ere gure ikastetxean izan ziren eta elkarlana sustatzeko aukerataz aritu ginen.



Koning Willem I ikastetxean


Koning Willem I ikastetxean irakas-taldearekin bilduta
                                            




Ekainak 5ean berriz, DELTION eskolan egon ginen, Zwolle herrian. Kiroletan eta Mekatronikan sinergiak eduki ditzazkegula konturatu ginen, eta gure eskola bisitatzera gonbidatu genituen. Ikastetxeko honek 20000 ikasle eta 800 langile ditu bere baitan. Instalakuntza ikusgarriak dituzte eta haiek gertutik ezagutzeko aukera izan genuen.



                                                                          Deltion Collegen

                                                             Deltion Collegen azalpenak jasotzen

                                                       Deltion Collegen instalakuntzak ezagutzen

                                                       Deltion Collegen azalpenak jasotzen

                                                           Deltion Collegeko instalakuntzak
                                                  
                                                           Deltion Collegeko instalakuntzak

Bukatzeko, Ekainak 6an ALFA COLLEGE bisitatu genuen Groningen hirian. Bertan,ziklo desberdinen artean nola produktu industrialak garatzen dituzten ikusi genuen, etorkizuneko Collaborative Smart Learning Factory-etarako inspirazioa jasoz. Beraiekin dagoeneko idatzita daukagun CARBONFREE COMMUTING KA2 proiektuaren inguruan ere hitz egin genuen; proiektu hau Mugikortasun Jasangarriaren ingurukoa da, eta herrialde desberdinetako  praktika onak jaso nahi ditugu, Europako beste herrialdeetara zabalteko.


Alfa Collegen irakasle taldea

Azkenik, Mekatronikako eta kiroletako Departamenduetan kontaktu onak lortu genituen, eta euren instalakuntza zoragarriak ezagutu, etorkizuneko mugikortasunak planteatuz. 



                                                            Alfa Collegeko proiektuak ezagutzen

       Alfa Collegen azalpenak jasotzen

                                                           Alfa Collegeko instalakuntzak ezagutzen

                                                          Alfa Collegeko instalakuntzak ezagutzen

Laburbilduz, Herbeeretan dauden Lanbide Heziketako eskola hoberenetako 3 ezagutzeko aukera izan dugu, euren instalazio ikusgarriak ikusiz, berrikuntza, nazioartekotzea eta metodologian puntako adibideak ezagutuz eta etorkizunerako zubiak eraikiz. 


Proiektu hau Erasmus+ egitarauaren diru laguntzari esker burutu da. 







2024(e)ko ekainaren 9(a), igandea

Erasmus+ekin bizitako esperientziak eta egitarauak eskaintzen dituen aukerak zabaldu zaizkie ikasleei

 Atzerrian praktikak burutu dituzten bigarren mailako ikasleek, beraien esperientzia helarazi diete ikasturte honetan lehen mailan dauden ikasleei. Modu honetan, izan dituzten bizipenak beste ikasleei helaraziz, aurrera begira, 1. mailako ikasleek informazio gehigarria izango dute datorren ikasturtean beraiek ere atzerrian esperientzi bat bizitzeko aukerataz baliatu nahi duten erabakitzeko.


                                        Atzerrian praktikak egin dituen ikaslea azalpenak ematen

                                                 




Enpresetan lanean eta aisialdian bizitako esperientziak partekatu dituzte eta beste ikasleengan interesa eta jakinmina piztu dute. Bide batez, lehen mailako ikasleei azaldu zaizkie datorren ikasturtean Erasmus+ proiektuaren baitan atzerrian praktikak egiteko proiektuaren ezaugarriak, aukerak eta baldintzak.


                                     

                                     Erasmus+ egitarauak eskaintzen dituen aukerak azaltzen


Ikasleak gogo onez entzun dituzte azalpenak eta hainbat interesatuta agertu dira jadanik datorren ikasturtean proiektuan parte hartzeko.

Tolosaldea LHIIko irakasle talde bat, Brescia inguruko eskola eta enpresak ezagutzera joan dira

 

 Maiatzaren 21ean Tolosaldea LHIIko 3 irakasle Italiako Brescia hirira bidaia abiatu ziren, bertan bost eguneko egonaldia egiteko, Erasmus + programaren barruan. Bertan, hainbat enpresa eta ikastetxe ezagutzeko aukera izan zuten, haien praktika onak ezagutu eta gurera ekartzeko intentzioz.


Hezkuntza arloari dagokionez, bertan hiru ikastetxe bisitatu zituzten. Bresciako SCUOLA BOTTEGA ARTIGIANI - IMPRESA SOCIALE S.R.L, non hamaika prestakuntza ikastaro zeuzkaten. C.F.P. G. ZANARDELLI, denetan handiena, zeinak 9 egoitza ezberdin zeuzkan eta bai ikasle eta enpresentzako hainbat kurtso eskaintzen zituzten. STEAM metodologiak pisu handia zeukan. Azkenik, IAL LOMBARDIA SRL IMPRESA SOCIALE, zeinetan prestakuntza ikastaroak ziren nagusi.





Brescia eta inguruko hiru enpresa ere ezagutzeko aukera izan zuten; bata, makinak eta soluzio berritzaileekin lotuta (BEOCOM), eta besteak automatizazioen alorrarekin erlazionatua (DAEMA AUTOMOTIONS eta NORDA).

 

BEOCOM enpresan ensanblatzeko makinak eta testina egiten zuten. 1995ean sortu zen, TWINS(marka komertziala) espezializatuta dago hainbat produkturen automatizazioan eta saiakuntzan: txorrotak, balbulak, automobilgintzako osagaiak, etab. Bere makinen zati nagusiak ekoiztea erabaki zuen, hala nola CNC mahai birakaria eta manipulatzaileak. 



DAEMA AUTOMOTIONS-en prozesu automatizatuentzat armairu elektrikoak egiten dituzte. Bere helburua automatizazio industrialaren arloan merkatuari irtenbidea ematea da. Honako hauek dira artatutako industria-sektore nagusiak: makina-erreminta estandarrak/bereziak, hotzean/beroan moldekatzeko prentsak, enbalajea, muntaia, sistema robotikoak, etab.

NORDA ere, Brescian bertan dago eta mundu mailako erreferentzia-puntua da prentsen automatizazioan, puntako teknologiak garatuz eta berrikuntza inplementatuz. Horrez gain, aurre aholkularitza eta saldu osteko aholkularitza etengabea ematen dituzte.



Proiektu hau Erasmus+ egitarauaren diru laguntzari esker burutu da. Erasmus + 2022-1-ES01-KA121-VET-000058524 proiektuaren baitan burututako ekintza.





LCAMP Kongresuan egon da TOLOSALDEA LHII

 Tolosaldea LHII-ko Igor Urkiola eta Oier Aranzabal LCAMP proiektuko kongresuan egon gara Alemaniako Aalen herrian, 2024-ko Maiatzak 14 eta 15-ean. 


LCAMP CoVE proiektu europarra Tknika eta Miguel Altunak lideratzen dute, eta beronen helburua da bikaintasun profesionaleko fabrikazio aurreratuko zentroak bultzatzea, erresilienteagoak, berritzaileagoak eta hobeto hornituak izan daitezen, ikasleen gaitasunak hobetu eta trantsizio digitalari eta berdeari arrakastaz aurre egin ahal izateko. Horretarako, da fabrikazio aurreratuaren sektoreko LH zentru eta enpresen artean zerbitzuak sortu, trukatu eta lankidetzan aritzeko Europako erreferentzia-plataforma bihurtu nahi du.


LCAMP kongresuaren hasiera ekitaldia, Rikar Lamadrid-en eskutik.



 

LCAMPek lankidetza sareak sortu nahi ditu Europako LH zentroen eta fabrikazio aurreratuaren sektorean lan egiten duten enpresen eta enpresa-elkarteen artean, industriako kualifikazio-desberdintasunak murrizteko eta ezagutzak transferitzeko.





                            

                    LCAMP proiektuaren nondik-norakoen aurkezpena, Jon Labaka-ren eskutik




Hauek dira LCAMPren helburu estrategikoak: etorkizuneko trebetasunak definitzeko mekanismoak garatzea, ikasleentzat pertsonalizatutako ikaskuntza-bideak garatzea eta aplika daitezkeen mikrokredentzialak ezagutzea. Horrek esan nahi du etorkizuneko joeren behatoki bat sortu behar dela, manufaktura-industrietan oinarritua, berrikuntza-komunitate irekia sortuz, elkarlaneko ikaskuntza-fabrika bat kudeatuz, EBko beste ekimen batzuekin sinergiak sustatuz eta LCAMP plataforma jasangarria izango dela bermatuz.



CLF kontzeptuaren aurkezpena.


Elkarlaneko Ikaskuntza Lantegia edo Collaborative Learning Factory (CLF) elkarlaneko ikaskuntzaren printzipioak eta enpresen estiloko ingurunearen egitura biltzen dituen kontzeptua da, ikaslearen ikaskuntza esperientzia hobetzeko asmoarekin. Ingurumari honetan, LCAMP izango da Fabrikazio Aurreratuko Elkarlaneko Ikaskuntzaren lehenengo Fabrika Europa mailan. CLF-etan parte hartzera gonbidatu nahi ditu LCAMP-ek LH Europako eskola desberdinak, eskolen arteko erronka interdepartamental bidez produktu baten diseinua, fabrikazioa eta balidazioa bultzatuz.




 

Bisitaren bigarren egunean (Maiatzak 15) FESTO enpresa bisitatu genuen kongresuko partaideen erdiak, ESSLINGEN herrian. Beste erdia BOSCH bisitatzera joan ziren.

Informazio gehiagorako, bisitatu https://lcamp.eu/conference-page/

 



 










2024(e)ko maiatzaren 21(a), asteartea

Marokon kirol ekintzak aztertzen izan gara

 Tolosaldea LHII-ko 2 irakaslek, Marokoko Azilal hirian dagoen Ste Ahansal Adventures enpresaren eskutik, zenbait kirol jardueraren antolamenduaz ikasteko aukera izan dute.


                                                                      

                                                                   Atlas mendiko herrixkak                                                          


Irakasleak kirol-ekintzak praktikan jartzen




Eskalada eta mendi munduan murgiltzen diren elkarteak


Atlas mendien eremuan dagoen toki honek, aukera anitz eskaintzen ditu Natur Gidaritza eta Aisialdia zikloko ikasketen praktikak garatzeko.

Irakasleek, Natur Gidaritza eta eskalada bezalako jarduerak gertutik ezagutzeko aukera izan dute ondoren ikasleekin horrelako ekintzak burutzeko aukerak aztertzeko.

Datorren ikasturtean ikastetxean Gizarte eta Kirol- Irakaskuntzako eta Animazioko heziketa zikloa martxan jarri nahi da eta aztertzen aritu diren jomuga honek aukera ugari eskaintzen ditu kirol jarduera, mendi turismoa eta kanpalekuak antolatzeko.


                                                      

                                                Irakasleak kirol-ekintzak praktikan jartzen

Ste Ahansal Adventures enpresak baditu urte batzuk horrelako kirol jarduerak antolatzen eta zerbitzu mota ezberdinak eskaintzen dizkie bezeroei. Nahiz eta enpresa txikia izan, aukera ezberdin ugari eskaintzen ditu, bai mendi eta bai eta basamortuan, ibilibide gidatuak etab. Bezeroen artean harrera oso ona du eta iritzi oso onak dituzte eskaitzen duen zerbitzuari buruz.

Bide batez, Marokoko Hezkuntza sistema gertutik ezagutzeko aukera ere izan zuten, bertako ordezkarien azalpenak jasoz, bertan, Lanbide Heziketak ere zenbait ibilbide eskaintzen ditu ikasleen prestakuntzarako.

                  

                                                   Marokoko Hezkuntza sistemaren antolamendua



Proiektu hau Erasmus+ egitarauaren diru laguntzari esker burutu da.